Petronorren Jarraipenerako Mahaiak berriki nabaritu diren usain txarrek eragindako haserrea helaraziko dio enpresari

20/02/2019

Petronorren Jarraipenerako Erakunde Arteko Mahaia Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan bildu da gaur goizean, eta findegiak joan den urtean egindako jarduera arrunta eta enpresa egiten ari den geldialdi programatuan berriki nabaritu diren usain txarrak aztertu ditu.

Horri dagokionez, gertakari horiek aztertu eta ebaluatu ondoren, Petronorri Mahaia osatzen duten erakunde guztien haserrea helaraztea (batez ere herritarrei eragindako kalteagatik) eta halakorik berriz ere ez gertatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzan eskatzea erabaki du Mahaiak. Gogorarazi beharra dago usain txar horiek ez zituztela gainditu erreferentziazko alerta-balioak eta larrialdi-balioak, baina kezka handia eragin zutela instalaziotik hurbil dauden herrietako biztanleengan. Mahaiak, halaber, konpromisoa hartu du inplikatutako agenteen artean eta haien eta enpresaren artean koordinatzeko prozedurak berrikusi, eta jarduteko eta komunikatzeko mekanismoak hobetzeko.

Erakunde Arteko Mahaiko kide guztiak izan dira bileran. Mahaia osatzen dutenak honako hauek dira: Eusko Jaurlaritzako arloak (Ingurumena, Larrialdietako Arreta, Osasun Publikoa, Garapen Ekonomikoa eta Energia) eta Muskiz eta Abanto-Zierbenako Udalak (bertako udal-mugarteetan daude Petronor findegiaren instalazioak).

Petronorrek egindako jarduera arruntaren jarraipenari dagokionez, Mahaiak jakinarazi du 2018an ez dela ez-betetzerik gertatu airearen kalitatearen ikuspuntutik. Ohiko jarraipenaz gain, Ingurumen Arloak bi neurketa-kanpaina egin zituen joan den urtean unitate mugikorrekin, Osasun Publikoaren Arloarekin koordinatuta. Ildo horretan, adierazi beharra dago Muskizen, San Julianen, Abanton eta Las Carrerasen emisioak kontrolatzeko instalatutako lau kontrol-kabinak homogeneizatu egin direla eta neurketa-parametroak gehitu dituztela.

Bestalde, jakinarazi denez, azken urtean enpresaren ingurumen-baimen bateratua berrikusi eta eskuragarri dauden hobekuntza teknikoetara egokitu da. Horren ondorioz, mugako emisio-balio murriztaileagoak finkatu dira, hileko mugako emisio-balioez gain ordukoak, egunekoak edo 48 ordukoak ezarri dira, eta hidrokarburo likido lurrunkorren zamalanetan konposatu organiko lurrunkorren emisioak murrizteko beste neurri batzuk hartu dira, % 95eko berreskuratze-tasa lortzeko helburuarekin.

Iturria: http://www.euskadi.eus

Informazio gehiago

Cerrar [X]Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies